Zer da biodibertsitatea?
- Unai Sertutxa
- 11 dic 2020
- 2 Min. de lectura
Nork ez du entzun edo irakurri biodibertsitate hitza? Egunero ez bada, astero entzuten dugun hitza dela esatera ausartuko nintzateke, denok ezaguna dugun hitz bat; baina, ezagutzen dugu biodibertsitatearen esanahia? Testu labur hau biodibertsitatea zer den azaltzeko da, edo behintzat, saiatzeko. Izan ere, ulertzeko era asko dituen kontzeptu konplexua da eta definitzea oso zaila egiten da. Horregatik, hain zuzen, ez duzu definizio zehatz bat aurkituko, azalpen sinple eta oinarrizkoak soilik.
Hitzak dioen moduan biodibertsitatea bizitzaren dibertsitatea litzateke edo bizitza mota ezberdinen dibertsitatea. Denok ezagutzen ditugun bizitza mota ezberdinak espezieak dira. Txakurra, katua, txantxangorria, haritza eta gizakia errez desberdintzen ditugun espezieak dira esaterako. Hori litzateke beraz, biodibertsitatea ulertzeko modu errezena, dibertsitate espezifikoa. Eremu batean zenbat eta espezie gehiago egon, orduan eta altuagoa izango da dibertsitatea printzipioz eta sinpleki esanda.
Hala ere, beste era askotan ulertu daiteke biodibertsitatea eta horretarako, biodibertsitate mailak daudela imaginatu dezakegu. Horrela, maila espezifikoa baino handiagoak edota txikiagoak egongo lirateke. Ekosistemen dibertsitateaz hitz egin dezakegu adibidez, espezie maila baino handiagokoa dena. Pentsa ezazu momentu baten gure inguruan zenbat ekosistema ezberdin egon daitezkeen: baso ezberdinak, larreak, sastrakadiak, errekak, ibaiak, itsasoko ekosistemak… Eta noski, ekosistema ezberdin horietan egon daitezkeen espezieak oso desberdinak dira! Zenbat eta ekosistema gehiago egon, ekosistema dibertsitatea orduan eta handiagoa izango da.
Maila txikiagoan aldiz, dibertsitate genetikoa aurkitzen da adibidez. Gizakia adibide erreza da hau ulertzeko. Denok espezie berdina osatzen dugu baina denok gara ezberdinak aldi berean: azalaren kolorea, ilearena edo begiena esaterako desberdinak ditugu. Horrek gizakiaren genetika ezberdinak daudela esan nahi du, dibertsitate genetikoa. Animalietan ere berdina gertatzen da, esaterako, Iberiar penintsulako otsoak eta Europa iparraldeko otsoak desberdinak dira nahiz eta espezie bera izan. Beraz, espezie baten barruan zenbat eta genetika desberdinagoak egon, orduan eta genetika dibertsitate handiagoa egongo da.
Laburbilduz, biodibertsitatea bizitza forma ezberdinen dibertsitatea litzateke eta maila ezberdinak daudela ulertu behar dugu: ekosistema ezberdinak, espezie ezberdinak edo espezie baten genetika ezberdinak. Ariketa sinple bat egitera animatzen zaitut. Kalera, mendira edo ibaira zoazenean inguruan ditugun animaliak, landareak, onddoak behatu eta ikusiko duzu biodibertsitatea dagoela edonon. Animatu!
Baina biodibertsitatea zer den hobeto ulertuta, galdera bat datorkigu burura: dibertsitate handiagoa egotea ona edo txarra da? Galdera honek erantzun ezberdinak izan ditzake eta beraz, blogeko hurrengo testuan azaltzen saiatuko gara.
Comments